top of page
Foto del escritorAxier Sucunza

KOSMOLOGIA BIG BANGAREN OIHARTZUNTZAT HAR AL DAITEKE?

Kosmologia, astrofisikaren barruan, unibertsoa sistema fisiko moduan bere osotasunean aztertzen duen zientzia da. Kosmologiak unibertsoaren jatorria eta eboluzioa ikertzen ditu. Baina ez al dago behaketa berriak aintzat hartzeko arazoak dituen eremu kontzeptual baten mende?


Unibertsoa duela 13,8 bilioi urte eztanda kosmiko bati esker sortu zen. Arin batean inflazioa jasan zuen eta gero hoztu zen. Oraindik unibertsoa zabaltzen ari da eta ezezaguna den materia eta energia ilunaz osatuta dago, ezta?


Oso ezaguna den istorio hau ageriko gertaera zientifikotzat jotzen da, nahiz eta ebidentzia enpirikoen gabezia aurkeztu. Teoria fisikoek diotenaren eta behaketek erakusten dutenaren artean badago nolabaiteko desadostasuna. Zientzialari batzuek diote desadostasun hauek ikerketa gehiagorekin konpon daitezkeela. Ikerketa hauek egia den horretarantz etengabeko hobekuntza gisa hartu omen behar dira. Beste batzuek, aldiz, arazoa ez dela parametroak aldatuz edo aldagai berriak erantsiz konponduko diote.


Kontua da kosmologia, zientzia matematiko gisa, betidanik zientzia arras doitzat jo dela. Baina kosmosa ez da Lurra planetan dagoen gainontzekoa bezalakoxea. Unibertso osoaren teoriak, gure “auzo” txikian oinarritzen denez, sinplifikatutako suposizio asko eskatzen ditu. Suposizio hauek distantzia oso handietan biderkatzen eta zabaltzen direnean, hanka sartzeko aukerak areagotu egiten dira. Eta probak egiteko dauden mugek guztia gehiago zailtzen dute.


Newtonen lege fisikoek gure eguzki-sistemarentzat balio duen eremu teoriko bat ezarri zuten. Baina eskala handitzen den heinean, eremu teoriko horren baliotasuna mugatua da. Einsteinen erlatibitatearen teoriak gure galaxian gertatzen dena azaltzeko eremu teoriko zabalagoa eta zehatzagoa ezarri zuen. Baina noraino? Non dago azken honen muga?


Unibertsoaren behaketa gehienak esperimentalki eta zeharka gertatzen dira. Gaur egun espazioan dauden teleskopioek ez dute zer edo zer konkreturen inguruko informazioa eskaintzen. Eredu teorikoak zehazten du non eta nola behatu. Nahiz eta aurrerapen teknologikoak eta metodologikoak egon, existitzen diren muga sakonek kalkulaezinak diren suposizioetara eraman gaitzakete.




Astrofisikari gutxi batzuk Big Bangaren teoria kritikatu dute, egiaztatutako ziurtasun ezengatik. Bjørn Ekeberg-ek Metaphysical Experiments deituriko liburuan, Big Bang-aren ideia erlatibitate orokorraren teoria birmoldatzen ari zenean zeharkako ondorio gisa sortu zela dio. Einsteinek unibertsoa bai espazioan bai denboran estatikoa zela esan zuen eta bere ekuazioak zentzua izan zezan, konstante kosmologikoa deiturikoa gehitu zuen. Einsteinek berak azken honek ez zuela azalpen fisikorik onartu zuen.


Baina Hubble-k unibertsoa hedatzen ari zela behatu zuenean, fisikari matematikoak ereduaren oinarrizko suposizioa aldatzen saiatu ziren: unibertsoa berdina zen espazioaren norabide guztietan, baina aldakorra denboran zehar. Azken honek bazuen bere abantaila, kosmologia eta fisika nuklearraren arteko nolabaiteko lotura. Atomoaren eredu ausartak unibertsoa azal al zezakeen?


Beranduago, galaxietan egindako behaketak azaltzearren, materia ilunaren existentzia proposatu zen. Materia iluna ezezaguna eta ikusezina den materiaren forma bat da. Geroago, eredu teorikotik kanpo geratzen ziren supernoba baten neurketak azaltzeko, energia iluna deituriko indar misteriotsu bat ere agertu zen. Energia honek unibertsoaren energiaren %70 inguru betetzen zuela kalkulatu zen.




Gaur egungo paradigma kosmologikoaren gakoa kosmosaren %95 guztiz ezezagunak diren elementuz eta indarrez hornituta dagoela onartu behar dugula da. Gainera, ez dago hau azaltzeko inondik ere inolako ebidentzia enpirikorik. Beraz, honen guztiaren aurrean, zientzialariei zientziarengan eta matematikaren bateratze indarrarengan sinesmena izatea eskatzen die.





Kosmologiak eredu teorikoarengan konfiantza du, ikerketa gidatu ahal izateko beharrezkoa baita. Pragmatikoagoa da eredu teoriko nagusiaren gainean solairu teoriko berriak gehitzea, oinarriak birplanteatzea baino. Beraz, iraganean esandakoak, ez al dio beste aukerarik utzi unibertsoari?



4 visualizaciones0 comentarios

Comments


bottom of page